Gaur igandea da…

Sailkatu gabea

Bezperako doinuak barruan dantzan genituela esnatu ginen igande goizean. “Eta itzuli izan balitz zer? Gaur igandea da. Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak, jendarme auto bat bidean…”. Euria goian-behean, eta ez genuen preseski ondoegi hasi eguna: liburu-azoka eta Ekhiñe Eizagirreren lagunek bere liburua oinarri hartuta prestatutako ekitaldia bertan behera utzi behar izan genituen tamalez (barka eragozpenak!).

Modelo aretoaren babesean, baina, aurrera egin zuten gainontzeko ekitaldiek, eta euren jardunaren inguruan hitzulinguruka politean aritu ziren Kirmen Uribe eta Eider Rodriguez, Goizalde Landabasoren gidaritzapean, larrua aitzakia hartuta. Literaturan ere, larruaren azpiko mailan dagoena, garrantzitsuena, gaineko geruzekin nolabait jantzi egin behar izaten duela azaldu zuen Rodriguezek, betiere azpian dagoena guztiz ezkutatu gabe.

image

Segidan, Egun on, Pyongyang ikus-entzunezkoa eskaini ziguten Francisco Escudero Musika kontserbatorioko musikariek, Ipar-koreako kaleak euren interpretazio paregabeekin jantziz.

image-4

Goizekoa makala ez bazen izan, arratsaldekoa zer esanik ez. Axiari eta Irazoki, Irazoki eta Axiari, elkar hartuta, sinbiosi perfektuan. Kontzertu ikaragarria eskaini ziguten, inprobisazioari ere tarte dezente eskainita.

Eta bukatzeko, NORK komiki-liburuaren sortze-prozesua (eta askoz gehiago) kontatzera hurbildu zitzaizkigun Xabi Paya eta Patxi Gallego egileak, nor eta Andoni Egaña eta Fredi Paya lagun zituztela. Hiltzeko era ugari omen dago, eta Egañak, modua ez ezik, lekua ere egokia aukeratu zuen: Modeloko oholtza. Berpiztu eta piano-jole bihurtuta ikusi zuen, ordea, bere burua, Alex Ubagoren doinuak jotzen, gainera.

Irribarre batekin esan genion atzo, beraz, aurtengo Literaturiari, Iruñean dioten bezala, jada hurrengorako gutxiago gelditzen dela pentsatzen genuen bitartean.