Sailkatu gabea
Modeloko ekitaldiak streamingean
Emanaldiak zuzenean, Sailkatu gabeaLiburu aurkezpenak streamingean
Emanaldiak zuzenean, Sailkatu gabeaLiteraturia 2019: Zu naiz, ni zara
Sailkatu gabeaLiteraturia gure isla da
Sailkatu gabeaNekea gozoa denean…
Sailkatu gabeaBatzuetan elementu txiki batek deskribatzen du multzo osoa ondoen, une batek deskriba dezakeen moduan bizpahiru egunetan gertatutakoa. Egin genezake hemen Literaturiaren laburpen konpletoena ezen ez baikenuke asmatuko egun hauetan jazotakoa hain ondo deskribatzen, une batek, momentu batek deskriba dezakeena baino hobeto. Injustua irudi lezake, Zarauztik pasa diren hainbat eta hainbat artistaren kalterako, baina une motz horren baitan den-denak zaudetela uste dugu, sentitzen dugu.
Ruperren kontzertuaren bukaeran gertatu zen. Isaac Xubin poeta eta itzultzaile galiziarra gonbidatu zuen Ordorikak oholtza gainera, eta Xubinek geldo eta dotore, galegoaren doinu malenkoniatsu horrekin, Ruperren gitarraren hiru akorde soil oihartzun xume, errezitatu egin zuen: Martin Larralde, galegoz.
Une liluragarri horrek laburbiltzen du egunotan sentitu duguna, gainontzeko hitz guztiak sobran daude.
Bihotzez eskerrak, lagundu diguzuen guzti-guztiei, kale-musikari, teknikari, artista, boluntario, idazle, bertsolari, ostalari, jostalari eta gainerakoei.
Gaur nekatuta gaude, bai, baina nekea gozoa denean, egindakoa plazer erabatekoa izan den seinale. Halaxe izan da, bai, plazer hutsa!
Hurrengo urtera arte!
Gaur igandea da…
Sailkatu gabeaBezperako doinuak barruan dantzan genituela esnatu ginen igande goizean. “Eta itzuli izan balitz zer? Gaur igandea da. Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak, jendarme auto bat bidean…”. Euria goian-behean, eta ez genuen preseski ondoegi hasi eguna: liburu-azoka eta Ekhiñe Eizagirreren lagunek bere liburua oinarri hartuta prestatutako ekitaldia bertan behera utzi behar izan genituen tamalez (barka eragozpenak!).
Modelo aretoaren babesean, baina, aurrera egin zuten gainontzeko ekitaldiek, eta euren jardunaren inguruan hitzulinguruka politean aritu ziren Kirmen Uribe eta Eider Rodriguez, Goizalde Landabasoren gidaritzapean, larrua aitzakia hartuta. Literaturan ere, larruaren azpiko mailan dagoena, garrantzitsuena, gaineko geruzekin nolabait jantzi egin behar izaten duela azaldu zuen Rodriguezek, betiere azpian dagoena guztiz ezkutatu gabe.
Segidan, Egun on, Pyongyang ikus-entzunezkoa eskaini ziguten Francisco Escudero Musika kontserbatorioko musikariek, Ipar-koreako kaleak euren interpretazio paregabeekin jantziz.
Goizekoa makala ez bazen izan, arratsaldekoa zer esanik ez. Axiari eta Irazoki, Irazoki eta Axiari, elkar hartuta, sinbiosi perfektuan. Kontzertu ikaragarria eskaini ziguten, inprobisazioari ere tarte dezente eskainita.
Eta bukatzeko, NORK komiki-liburuaren sortze-prozesua (eta askoz gehiago) kontatzera hurbildu zitzaizkigun Xabi Paya eta Patxi Gallego egileak, nor eta Andoni Egaña eta Fredi Paya lagun zituztela. Hiltzeko era ugari omen dago, eta Egañak, modua ez ezik, lekua ere egokia aukeratu zuen: Modeloko oholtza. Berpiztu eta piano-jole bihurtuta ikusi zuen, ordea, bere burua, Alex Ubagoren doinuak jotzen, gainera.
Irribarre batekin esan genion atzo, beraz, aurtengo Literaturiari, Iruñean dioten bezala, jada hurrengorako gutxiago gelditzen dela pentsatzen genuen bitartean.
Larru kontuetan, azalean
Sailkatu gabeaEgun ezin ederragoa atzokoa ere Zarautzen, Literaturian, letrazaleen paradisuan. Giro bikaina, kale-orkestra eta guzti.
Itzulpengintza tailerrean poesia itzultzen eta bideoak azpititulatzen aritu ziren.
Hondartzarako eguna zegoen arren, emanaldi arrakastatsua egin zuten Itu Bandako lagunek, Isabel Iturberen bizitza oinarri hartuta.
Oier Guillanen testuekin ikuskizun soil baina indartsua eskaini zuen Metrokaodrokak.
Eta ginda paregabea jarri zion egunari, iluntze aldera, Ruper Ordorikak, bere bakarkako kontzertu ezin ederragoarekin: “larru kontuetan ez ote garen azalean geratzen”, bota zuen Ruper handiak. Gaur euria! Modelon babesa hartu baietz!
Larrutik larrura
Sailkatu gabeaIrekiera ederra eman zion atzo Miren Agur Meabek Literaturiari: “larrutik larrura, uxa dezagun tristura”, eta Anne Sexton-en poema alai guztiak (idatzi zituen 1000tik 9 soilik!) errezitatu zituzten Harkaitz Canok, Ainara Gurrutxagak eta Amorantek. Zuek bai gure maite kuttunak!
Eta hau hasi besterik ez da egin! Gaur, eguzkia!, eta sargori!, eta Itu Banda, Oier Guillan eta Metrokaodroka, azoka eta liburu-aurkezpenak egun guztian zehar, eta Ruper handia ezin hobeto bukatzeko. Enbata omen dator!
Olagarro eta albariño
Sailkatu gabeaLiteraturiaren irekiera ofiziala gaur izango den arren, aperitif bikaina eskaini ziguten atzo Jon Benitok, Jose Luis Otamendik eta Galiziatik etorritako Isaac Xubinek, olagarro eta albariño artean. Ahazturaren aurka aizkorak zorrozten erakutsi ziguten idazleek.
Gaur Miren Agur Meabek irekiera hitzaldia emango du (“Larruaren kodea”), eta segidan, Anne Sexton-en poemen irakurraldi dramatizatua egingo dute Harkaitz Canok, Ainara Gurrutxagak eta Amorantek (“Ene maite kuttunak”). Zatoz Zarautzera! Zatoz Literaturiara! Larruzabalik hartuko zaitugu!