Estreinaldiak eta berritasunak Literaturiaren egitarauan

Sailkatu gabea
  • Maiatzaren 25etik 28ra ospatuko da LiteraturiaIspilua gaitzat hartuta
  • Emanaldietako asko estreinaldiak izango dira, eta azoka eta liburu-aurkezpenak ere egingo dira
  • Musika Plazako kioskoa “Jon Braunen tipia” bihurtuko da, eta haur eta gaztetxoentzako ekimenak hartuko ditu

Maiatzaren 25etik 28ra, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarauzko kale eta aretoetan, literaturarekin gozatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, Ispilua izango da aurtengo gaia, eta Literaturia gure isla da, berriz, leloa. Hain zuzen ere, uste dute, liburuek bezala, Literaturiako ekitaldiek ere aukera ematen dutela norberak beren buruarekin topo egiteko eta, agian, baita ezagutzen ez zituen alderdiak deskubritzekoa ere. Ideia hori iradokitzen du kartelak ere.

Egitarau bete betea aurkeztu dute Kaxildan egin duten aurkezpenean. Hiru gune izango ditu Literaturiak. Batetik, Modelo aretoak emanaldiak, antzerkia, errezitaldiak, solasaldia eta bideo-emanaldiak hartuko ditu. Emanaldietako asko estreinaldiak izango dira, eta haietako baten aurrerapen bat eskaini dute Irati Jimenez idazleak eta Petti musikariak Kaxildako aurkezpenean.

Modeloko oholtza-gainera aterako diren beste sortzaile batzuen izenak ere aipatu dituzte antolatzaileek: Bea Salaberri, Katixa Dolhare, Bihotz Bakartien Kluba, Huts Teatroa, Manex Agirre, Gaizka Amondarain, Lou Topet, Iban Zaldua, Miren Gorrotxategi, Fito Rodriguez, Ramon Agirre, Amagoia Gurrutxaga, Ainara Lasa, Lorea Agirre, Josu Landa…

Bestetik, larunbatean egun osoz eta igande goizean, liburu-azoka egingo da Musika Plazan. Aldi berean, kioskoa haurren gunea bihurtuko dela azpimarratu dute. “Jon Braunen tipia” deitu diote, Manolo Urbietaren omenez, eta haur eta gaztetxoei zuzendutako ekitaldiak hartuko ditu: ipuin-kontalariak, ilustratzaileak, poesia-tailerra, irakurle gazteen klubaren antzerkia…

Azkenik, aurten argitaratutako liburuen aurkezpenak hartuko ditu Garoa liburu-dendak, larunbatean egun osoz.

Egitarauaren aurkezpena bukatzeko, Literaturia iragartzeko bideoa estreinatu dute. Iraia Elias da protagonista, eta herriaren eta Literaturiaren irudi bitxia islatzen du. Literatura-zale guztiak, haur zein heldu, egun horietan Zarautzera hurbiltzera gonbidatuz amaitu dute aurkezpena.

Nekea gozoa denean…

Sailkatu gabea

Batzuetan elementu txiki batek deskribatzen du multzo osoa ondoen, une batek deskriba dezakeen moduan bizpahiru egunetan gertatutakoa. Egin genezake hemen Literaturiaren laburpen konpletoena ezen ez baikenuke asmatuko egun hauetan jazotakoa hain ondo deskribatzen, une batek, momentu batek deskriba dezakeena baino hobeto. Injustua irudi lezake, Zarauztik pasa diren hainbat eta hainbat artistaren kalterako, baina une motz horren baitan den-denak zaudetela uste dugu, sentitzen dugu.

Ruperren kontzertuaren bukaeran gertatu zen. Isaac Xubin poeta eta itzultzaile galiziarra gonbidatu zuen Ordorikak oholtza gainera, eta Xubinek geldo eta dotore, galegoaren doinu malenkoniatsu horrekin, Ruperren gitarraren hiru akorde soil oihartzun xume, errezitatu egin zuen: Martin Larralde, galegoz.

image(5)

Une liluragarri horrek laburbiltzen du egunotan sentitu duguna, gainontzeko hitz guztiak sobran daude.

Bihotzez eskerrak, lagundu diguzuen guzti-guztiei, kale-musikari, teknikari, artista, boluntario, idazle, bertsolari, ostalari, jostalari eta gainerakoei.

Gaur nekatuta gaude, bai, baina nekea gozoa denean, egindakoa plazer erabatekoa izan den seinale. Halaxe izan da, bai, plazer hutsa!

DSC_0179

Hurrengo urtera arte!

 

 

Gaur igandea da…

Sailkatu gabea

Bezperako doinuak barruan dantzan genituela esnatu ginen igande goizean. “Eta itzuli izan balitz zer? Gaur igandea da. Larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak, jendarme auto bat bidean…”. Euria goian-behean, eta ez genuen preseski ondoegi hasi eguna: liburu-azoka eta Ekhiñe Eizagirreren lagunek bere liburua oinarri hartuta prestatutako ekitaldia bertan behera utzi behar izan genituen tamalez (barka eragozpenak!).

Modelo aretoaren babesean, baina, aurrera egin zuten gainontzeko ekitaldiek, eta euren jardunaren inguruan hitzulinguruka politean aritu ziren Kirmen Uribe eta Eider Rodriguez, Goizalde Landabasoren gidaritzapean, larrua aitzakia hartuta. Literaturan ere, larruaren azpiko mailan dagoena, garrantzitsuena, gaineko geruzekin nolabait jantzi egin behar izaten duela azaldu zuen Rodriguezek, betiere azpian dagoena guztiz ezkutatu gabe.

image

Segidan, Egun on, Pyongyang ikus-entzunezkoa eskaini ziguten Francisco Escudero Musika kontserbatorioko musikariek, Ipar-koreako kaleak euren interpretazio paregabeekin jantziz.

image-4

Goizekoa makala ez bazen izan, arratsaldekoa zer esanik ez. Axiari eta Irazoki, Irazoki eta Axiari, elkar hartuta, sinbiosi perfektuan. Kontzertu ikaragarria eskaini ziguten, inprobisazioari ere tarte dezente eskainita.

Eta bukatzeko, NORK komiki-liburuaren sortze-prozesua (eta askoz gehiago) kontatzera hurbildu zitzaizkigun Xabi Paya eta Patxi Gallego egileak, nor eta Andoni Egaña eta Fredi Paya lagun zituztela. Hiltzeko era ugari omen dago, eta Egañak, modua ez ezik, lekua ere egokia aukeratu zuen: Modeloko oholtza. Berpiztu eta piano-jole bihurtuta ikusi zuen, ordea, bere burua, Alex Ubagoren doinuak jotzen, gainera.

Irribarre batekin esan genion atzo, beraz, aurtengo Literaturiari, Iruñean dioten bezala, jada hurrengorako gutxiago gelditzen dela pentsatzen genuen bitartean.

Larru kontuetan, azalean

Sailkatu gabea

Egun ezin ederragoa atzokoa ere Zarautzen, Literaturian, letrazaleen paradisuan. Giro bikaina, kale-orkestra eta guzti.

image

Itzulpengintza tailerrean poesia itzultzen eta bideoak azpititulatzen aritu ziren.

image(1)

Hondartzarako eguna zegoen arren, emanaldi arrakastatsua egin zuten Itu Bandako lagunek, Isabel Iturberen bizitza oinarri hartuta.

Oier Guillanen testuekin ikuskizun soil baina indartsua eskaini zuen Metrokaodrokak.

image(4)

Eta ginda paregabea jarri zion egunari, iluntze aldera, Ruper Ordorikak, bere bakarkako kontzertu ezin ederragoarekin: “larru kontuetan ez ote garen azalean geratzen”, bota zuen Ruper handiak. Gaur euria! Modelon babesa hartu baietz!

Larrutik larrura

Sailkatu gabea

Irekiera ederra eman zion atzo Miren Agur Meabek Literaturiari: “larrutik larrura, uxa dezagun tristura”, eta Anne Sexton-en poema alai guztiak (idatzi zituen 1000tik 9 soilik!) errezitatu zituzten Harkaitz Canok, Ainara Gurrutxagak eta Amorantek. Zuek bai gure maite kuttunak!

Eta hau hasi besterik ez da egin! Gaur, eguzkia!, eta sargori!, eta Itu Banda, Oier Guillan eta Metrokaodroka, azoka eta liburu-aurkezpenak egun guztian zehar, eta Ruper handia ezin hobeto bukatzeko. Enbata omen dator!

Olagarro eta albariño

Sailkatu gabea

Literaturiaren irekiera ofiziala gaur izango den arren, aperitif bikaina eskaini ziguten atzo Jon Benitok, Jose Luis Otamendik eta Galiziatik etorritako Isaac Xubinek, olagarro eta albariño artean. Ahazturaren aurka aizkorak zorrozten erakutsi ziguten idazleek.

Gaur Miren Agur Meabek irekiera hitzaldia emango du (“Larruaren kodea”), eta segidan, Anne Sexton-en poemen irakurraldi dramatizatua egingo dute Harkaitz Canok, Ainara Gurrutxagak eta Amorantek (“Ene maite kuttunak”). Zatoz Zarautzera! Zatoz Literaturiara! Larruzabalik hartuko zaitugu!

Literaturia 2016

Sailkatu gabea

Literatura plazer-iturri dela frogatzeko hamaika aukera, Literaturian, maiatzaren 19tik 22ra

  • Errezitaldiak, solasaldiak, liburu-aurkezpenak, liburu-azoka eta musika izango dira Zarautzen, larrua ardatz hartuta
  • Miren Agur Meabek egingo du irekiera-hitzaldia, eta Kirmen Uribek, Eider Rodriguezek eta Ruper Ordorikak ere parte hartuko dute jaialdian, besteak beste

Egitarau bete-betea aurkeztu dute Literaturia kultura-elkartearen ordezkariek. Haiekin batera, Oier Guillan idazle eta aktorea, eta Itu Bandako Alazne Arruti ere izan dira aurkezpenean. Hain zuzen ere, haiek dira Literaturian egingo diren bi estreinaldiren partaideak: Mr Señora errezitaldi dramatizatua (Metrokuadroka), eta Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna (Itu Banda).

Ez dira horiek lehen aldiz aurkeztuko diren lan bakarrak. Miren Agur Meabek irekiera-hitzaldia eskainiko du; Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik hitzak, musika eta inprobisazioa nahastuko dituzte Maitiak galdegin zautan emanaldian; eta larruaz eta literaturaz hitz egingo dute Eider Rodriguezek eta Kirmen Uribek, Goizalde Landabasorekin.

Ruper Ordorikaren bakarkako kontzertu intimoa, Ene maite kuttun guztia errezitaldi musikatu eta antzeztua (Harkaitz Cano, Amorante eta Ainara Gurrutxaga), eta Nork hil du Andoni Egaña? komikian oinarritutako emanaldia (Xabi Paya, Patxi Gallego) ere izango dira ikusgai. Emanaldi horiek guztiak Modelo aretoan izango dira.

Irakurleen eta sortzaileen arteko topagune

Antolatzaileen esanean, Literaturia jaialdi bat baino gehiago da. Liburu-azoka ere bada, eta azken argitalpenen erakusleiho. Baina, batez ere, topagune da: diziplinen arteko topagunea, eta idazleen, editoreen eta irakurleen artekoa. Hain zuzen, liburu-azokak eta liburu argitaratu berrien aurkezpenek aukera ezin hobea eskaintzen die batzuei eta besteei elkartzeko, iritziak trukatzeko eta harremanak egiteko. Azoka Musika Plazan izango da, eta aurkezpenak, berriz, Garoa liburu-dendan. Horrenbestez, herri gunean bilduko dira Literaturiaren ekitaldi guztiak.

Aipatutakoez gain, beste ekitaldi batzuk ere izango dira: poesia-bideoak euskaratu eta azpititulatzeko tailerra, kontzertuak, poesia-errezitaldiak… Denak, gai baten inguruan, larrua, eta lelo baten pean: plazer hutsa. Gozatzeko aukerak, behintzat, izango dira.

Jarraian, prentsaurrekoko hainbat argazki eta aurtengo kartela.

literaturia16-KARTELAA4-(1)