Literatura plazer-iturri dela frogatzeko hamaika aukera, Literaturian, maiatzaren 19tik 22ra
- Errezitaldiak, solasaldiak, liburu-aurkezpenak, liburu-azoka eta musika izango dira Zarautzen, larrua ardatz hartuta
- Miren Agur Meabek egingo du irekiera-hitzaldia, eta Kirmen Uribek, Eider Rodriguezek eta Ruper Ordorikak ere parte hartuko dute jaialdian, besteak beste
Egitarau bete-betea aurkeztu dute Literaturia kultura-elkartearen ordezkariek. Haiekin batera, Oier Guillan idazle eta aktorea, eta Itu Bandako Alazne Arruti ere izan dira aurkezpenean. Hain zuzen ere, haiek dira Literaturian egingo diren bi estreinaldiren partaideak: Mr Señora errezitaldi dramatizatua (Metrokuadroka), eta Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna (Itu Banda).
Ez dira horiek lehen aldiz aurkeztuko diren lan bakarrak. Miren Agur Meabek irekiera-hitzaldia eskainiko du; Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik hitzak, musika eta inprobisazioa nahastuko dituzte Maitiak galdegin zautan emanaldian; eta larruaz eta literaturaz hitz egingo dute Eider Rodriguezek eta Kirmen Uribek, Goizalde Landabasorekin.
Ruper Ordorikaren bakarkako kontzertu intimoa, Ene maite kuttun guztia errezitaldi musikatu eta antzeztua (Harkaitz Cano, Amorante eta Ainara Gurrutxaga), eta Nork hil du Andoni Egaña? komikian oinarritutako emanaldia (Xabi Paya, Patxi Gallego) ere izango dira ikusgai. Emanaldi horiek guztiak Modelo aretoan izango dira.
Irakurleen eta sortzaileen arteko topagune
Antolatzaileen esanean, Literaturia jaialdi bat baino gehiago da. Liburu-azoka ere bada, eta azken argitalpenen erakusleiho. Baina, batez ere, topagune da: diziplinen arteko topagunea, eta idazleen, editoreen eta irakurleen artekoa. Hain zuzen, liburu-azokak eta liburu argitaratu berrien aurkezpenek aukera ezin hobea eskaintzen die batzuei eta besteei elkartzeko, iritziak trukatzeko eta harremanak egiteko. Azoka Musika Plazan izango da, eta aurkezpenak, berriz, Garoa liburu-dendan. Horrenbestez, herri gunean bilduko dira Literaturiaren ekitaldi guztiak.
Aipatutakoez gain, beste ekitaldi batzuk ere izango dira: poesia-bideoak euskaratu eta azpititulatzeko tailerra, kontzertuak, poesia-errezitaldiak… Denak, gai baten inguruan, larrua, eta lelo baten pean: plazer hutsa. Gozatzeko aukerak, behintzat, izango dira.
Jarraian, prentsaurrekoko hainbat argazki eta aurtengo kartela.