Ahaleginak merezi izan du

Albisteak 2015, Literaturia 2015

DSC_0141

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Literaturia-Euskal Letren Plazak, eta Literaturia Kultur Elkarteko ok oso gustura gaude jaialdiak iraun duen hiru egunetan, eta aurretiko ekitaldietan, izan duen erantzunarekin. Zarauzko lantaldeak iaz hartu genuen Larrabetzukoen lekukoa, eta estreinako aldi hura trantsiziokoa izan zen; nolabait esateko, elkarlanean antolatu zen. Aurten, aldiz, gure gain hartu dugu ardura hasiera-hasieratik, eta ilusio handiz aritu gara prestatzen ia bederatzi hilabetez. Asteburuan ikusi ahal izan dugu emaitza, eta emaitza izan da merezi izan duela ahaleginak.

Jende asko gerturatu da antolatutako ekitaldietara eta liburu-aurkezpenetara, eta azokan ere uneoro izan dira literaturzaleak. Modelo aretoa bitan bete genuen: bata, ostiralean, Anjel Lertxurdiren irekiera eta Harkaitz Cano-Mursegoren Porto ikuskizunarekin, eta bigarrena, igande goizean, Dejabu Panpin Laborategiaren haur-antzerkiarekin. Gainerako emanaldietako bataz besteko ehun ikuslerena izan da; kontuan izan, egin zuen eguraldia izanda eta ordutegia askok nahiago izan zutela Literaturia hondartza baino. Garrantzitsua iruditzen zaigu, gainera, publikoa denetarikoa izan zela nabarmentzea, eta ekitaldiaren arabera publiko-mota bat edo beste hurbildu zela, herrikoak zein kanpokoak izan; esaterako, Erractus-ek publiko gazteagoa izan zuen, solasaldiak helduagoa eta Ardoa eta odola-k musikazaleagoa edo zinemazaleagoa.

Oihartzun zabala izan dugu komunikabideetan, eta zeresanik ez sare-sozialetan. Umap Euskaraz plataformaren arabera, igandeko iluntzeko 21:00etan Literaturia gairik aipatuena izan zen twitter-en (12 orduz), #OdoleanDaramagu traolarekin. Horrek esan nahi du asteburuko beste bi jaialdi handiagoek –Ibilaldia eta Olatu Talka– baino jarraipen handiagoa izan zuela sarean.

Azkenik, biziki eskertu nahi ditugu aurtengo Literaturia behar bezala ateratzeko eduki dugun laguntza eta babes guztia, bai laguntzaileen aldetik bai argitaletxeen aldetik, eta, nola ez, Zarauzko Udalaren aldetik ere. Bestalde, ikuslearen babesa ikaragarria izan da, haiek gabe ezingo genuke jaialdia altxa. Zorion mezuak izan ditugu eta eskertuta gaude guztiz. Hala ere, kritikak eta iradokizunak ere eskertzen ditugu, gure asmoa Euskal Letren Plaza hobetzen jarraitzea da. Gurekin harremanetan jarri nahi dutenek: literaturia2015@gmail.com

Literaturiak eman duena helbide hauetan topatu dezakezue:

http://literaturia.eus/ eta https://www.flickr.com/photos/literaturia

Odolean daramagu!

Albisteak 2015, Literaturia 2015

Literaturia 2015

Liburuak eskegita eta zunda bidez gorputzari itsatsita. Literatura zainetara, zehatzago esateko. Literaturia 2015en kartelak irudi hori erakusten du, Odolean daramagu leloa hartuta. Azken finean, antolakuntza lanetan gabiltzanon pasioa literatura delako, literaturzaleak garelako, eta pizten gaituen hori odolean daramagulako.

Gaur eguerdian aurkeztu dugu maiatzaren 28tik 31 bitartean Zarautzen izango den Euskal Letren Plaza, Donostiako Garoa Kultur Laben, eta horrekin batera aurtengo egitasmoa iragartzen duen kartela eta ikus-entzunezkoa. Bietan ala bietan Ander Lipus aktorea da protagonista; argazkia egiteaz Lander Garro arduratu da, diseinuaz Oihana Leunda eta bideoaz, berriz, Juanfe Garces, Bertol Arrietak landutako gidoiarekin. Aurkezpenarekin, beraz, estreinaldi bikoitza egin dugu.

Egitarau zabala antolatu dugu, mimoz eta kariñoz beteta, eta ardoa ardatz izango duena. Agerraldian presente izan dira Literaturia Kultur Elkarteko lehendakari Ana Galarraga, Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluze eta Garoako arduradun Imanol Agirre. Horiekin batera, aurtengo Literaturia 2015en ariko diren bi idazle ere izan dira gurekin: Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez. Gonbidatuek maiatzeko azken egunetan gurean eskainiko duten saioez aritu dira solasean; Jimenezek Nora Barnacle izango du ardatz, AurresQ taldea bidelagun duela, eta Urretabizkaiak hiruko solasaldi batean hartuko du parte, Arantxa Iturberekin eta Karmele Jaiorekin batera.

Zuk ere odolean al daramazu? Hala bada, Zarautzen duzu gurekin hitzordua maiatzaren azkenean.

IMG_7759

Aurkezpen ekitaldia apirilaren 30ean

Albisteak 2015, Literaturia 2015

10314595_852521454829962_5369570441151417303_n

Maiatzaren 29tik 31 bitartean Literaturia 2015-Euskal Letren Plaza ospatuko dugu Zarautzen, eta horren berri emateko aurkezpen-ekitaldia antolatu dugu aste honetarako. Era beran, aurtengo kartela eta bideoa aurkeztuko ditugu. Apirilaren 30ean izango da, ostegunarekin, 12:00etan hasita, Donostiako Garoa Kultur Laben (Zabaleta kalea 34).

 

Agerraldian izango dira Literaturia Kultur Elkarteko kide Ana Galarraga, Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluze eta Garoako arduradun Imanol Agirre. Horiekin batera, aurtengo ekitaldian ariko diren bi gonbidatuk ere hartuko dute parte: Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleek.

 

Bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso gure agurrik beroena.

Bideo ofiziala errodatzen

Albisteak 2015, Literaturia 2015

Juanfe Garces

Literaturia 2015eko bideo ofizialarekin lanean jarraitzen dugu. Juanfe Garcesen eta Bertol Arrietaren gidaritzapean, luxuzko aktore taldea hartzen ari da parte aurtengo ikus-entzunezkoan: Ander Lipus, Ainhoa Alberdi, Patxi Santamaria, Iraia Elias eta Beñat Aristi. Aurreko ostegunean ekin genion filmaketari, eta ostegun honetan bigarren eta azken saioa egingo dugu. Aldi honetarako, aipatu aktoreez gain, kaleko jendearen presentzia behar dugu. Figuranteak behar ditugula, alegia. Bi pasarte jendetsu izango ditu ekoizpenak, eta honako ordutegi nahiz toki hauetan filmatuko dugu Zarautzen: 14:00etatik 16:30era, Garoa liburu-dendan, eta 17:00etatik 19:30era Txiki-Polit tabernan. Animatu zaitez, zuk ere odolean baitaramazu!

Bi hilabete baino ez

Albisteak 2015, Literaturia 2015

Bi hilabete falta dira Literaturia 2015 – Euskal Letren Plaza Zarautzen ospatzeko. Egitarauak agerian uzten duen bezala, maitasun handiz antolatzen ari gara aurtengo  ekitaldia. Literaturia Kultur Elkarteko kideok ilusioz heldu diogu erronkari, eta ilusio berarekin jarraitzen dugu tarteka Gure Kabia elkarte gastronomikoan elkartzen, xehetasun guztiak atontzeko. Hori bai, ardoa bidelagun dugula!

Badator Literaturia 2015!

Literaturia 2015

Larrabetzun abiatu eta bost urte egin ondoren, Literaturia Zarautzera lekualdatu zen iaz. Zarautzek lotura estua izan du tradizioz euskal kulturarekin, eta herriak euskarazko literaturaren plaza izateko ezaugarri guztiak dituelako eman zen aldaketa. Iazkoa, nolanahi ere, trantsizio urtea izan zen; besteak beste, lantalde eraberritu baten esku geratu zelako egitasmoaren kudeaketa. Literaturia Zarautzen ospatuko da aurten ere, eta lantalde berriak gogotsu heldu dio erronkari.

Maiatzaren bukaeran izango da Literaturia 2015, hilaren 29tik 31ra, eta aurten ardoa izango du ardatz. “Ardoa izango da egitasmoan zehar gozatu ahal izango diren ekitaldietako gai nagusia. Hari gidaria, nolabait esateko. Ardoa idazle askoren inspirazio iturri izan da historikoki, baina baita galbide ere. Asko dira ardoaren inguruan idatzikoak. Era berean, ez dugu ahaztu behar Euskal Herrian nolako garrantzia duen gastronomiak, jateak eta edateak, eta horri lotuta, Zarautzek eta inguruak egiten dion ekarpena txakolinarekin”, azaldu dute lan-taldeko kideek.

Zarauzko herrigunea euskal literaturaren plaza bilakatuko da hiru egunez. Ekitaldi ia guztiak Modelo aretoan eskainiko dira, eta udaberriko uztaren aurkezpenak Garoa liburu dendan egingo dira. Kanpoaldean ere izango da zer gozatua, literatura ere kalera atera nahi dute, herritarren eskura jarri liburu azokarekin. Hainbat dira Literaturia 2015ean gurekin izango direnak: besteen artean, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Karmele Jaio, Jon Alonso, Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Mursego, Uxue Alberdi, Dejabu panpin-laborategia, Jule Goikoetxea…

Lantaldeak buru-belarri jarraitzen du egitasmoko xehetasun guztiak lotzen, Literaturia euskal literaturzaleen topagune eta erreferente izan dadin. Egitasmoaren berri izateko: twitter.com/literaturiaz edo www.facebook.com/literaturia