Ahaleginak merezi izan du

Albisteak 2015, Literaturia 2015

DSC_0141

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Literaturia-Euskal Letren Plazak, eta Literaturia Kultur Elkarteko ok oso gustura gaude jaialdiak iraun duen hiru egunetan, eta aurretiko ekitaldietan, izan duen erantzunarekin. Zarauzko lantaldeak iaz hartu genuen Larrabetzukoen lekukoa, eta estreinako aldi hura trantsiziokoa izan zen; nolabait esateko, elkarlanean antolatu zen. Aurten, aldiz, gure gain hartu dugu ardura hasiera-hasieratik, eta ilusio handiz aritu gara prestatzen ia bederatzi hilabetez. Asteburuan ikusi ahal izan dugu emaitza, eta emaitza izan da merezi izan duela ahaleginak.

Jende asko gerturatu da antolatutako ekitaldietara eta liburu-aurkezpenetara, eta azokan ere uneoro izan dira literaturzaleak. Modelo aretoa bitan bete genuen: bata, ostiralean, Anjel Lertxurdiren irekiera eta Harkaitz Cano-Mursegoren Porto ikuskizunarekin, eta bigarrena, igande goizean, Dejabu Panpin Laborategiaren haur-antzerkiarekin. Gainerako emanaldietako bataz besteko ehun ikuslerena izan da; kontuan izan, egin zuen eguraldia izanda eta ordutegia askok nahiago izan zutela Literaturia hondartza baino. Garrantzitsua iruditzen zaigu, gainera, publikoa denetarikoa izan zela nabarmentzea, eta ekitaldiaren arabera publiko-mota bat edo beste hurbildu zela, herrikoak zein kanpokoak izan; esaterako, Erractus-ek publiko gazteagoa izan zuen, solasaldiak helduagoa eta Ardoa eta odola-k musikazaleagoa edo zinemazaleagoa.

Oihartzun zabala izan dugu komunikabideetan, eta zeresanik ez sare-sozialetan. Umap Euskaraz plataformaren arabera, igandeko iluntzeko 21:00etan Literaturia gairik aipatuena izan zen twitter-en (12 orduz), #OdoleanDaramagu traolarekin. Horrek esan nahi du asteburuko beste bi jaialdi handiagoek –Ibilaldia eta Olatu Talka– baino jarraipen handiagoa izan zuela sarean.

Azkenik, biziki eskertu nahi ditugu aurtengo Literaturia behar bezala ateratzeko eduki dugun laguntza eta babes guztia, bai laguntzaileen aldetik bai argitaletxeen aldetik, eta, nola ez, Zarauzko Udalaren aldetik ere. Bestalde, ikuslearen babesa ikaragarria izan da, haiek gabe ezingo genuke jaialdia altxa. Zorion mezuak izan ditugu eta eskertuta gaude guztiz. Hala ere, kritikak eta iradokizunak ere eskertzen ditugu, gure asmoa Euskal Letren Plaza hobetzen jarraitzea da. Gurekin harremanetan jarri nahi dutenek: literaturia2015@gmail.com

Literaturiak eman duena helbide hauetan topatu dezakezue:

http://literaturia.eus/ eta https://www.flickr.com/photos/literaturia