Aurten ere, poesia-bideoak euskaratu eta azpititulatzeko tailerra egingo dugu Literaturian, maiatzaren 27an (larunbata). Aurreko bi saioek izan zuten harrera ikusita, hirugarrenarekin ausartu gara, eta parte hartzeko izena eman dezazuen gonbita egin nahi dizuegu. Tailer irekia izango da eta ez da beharrezkoa poesia itzultzailea izatea edo azpititulatzen aritua: poesia maite baduzu eta beste kulturetako poemak euskaraz zabaldu nahi badituzu, zatoz!
Aurtengoan, Literaturiak izango duen gai bera aukeratu dugu tailerrerako, Ispilua, eta itzul litezkeen zenbait poema bildu ditugu. Nolanahi ere zeuek ere proposa ditzakezue itzultzeko poemak (Bideoa duten poema errezitatuak behar ditugu, 2-5 minutukoak).
Zuek parte hartu ala ez, poema egokiren bat ezagutzen baduzue, medesez, apuntatu ezazue fitxategi honetan.
https://docs.google.com/spreadsheets/d/1NPTZmBNlbWkuvuhtfUc1OS2j0X7J8pnYghOy1wVfOXs/edit?usp=sharing
Esan bezala, tailerra irekia eta doakoa izango da, baina izena eman behar da maiatzaren 22a baino lehen. Horretarako, nahikoa duzue mezu honi erantzutea edo Bego Montorio zein Garazi Arrularekin harremanetan jartzea (bego.montorio[a bildua]gmail.com; garazi.ar[a bildua]hotmail.com)
Bakoitzak aurretik landu behar du bere poemaren itzulpena. Larunbat horretan, berriz, 9etan Zarauzko udaletxean elkartuko gara, eta tailerraren hasieran itzulpenei buruz jardungo dugu; jarraian, itzulpenok sinkronizatuko ditugu, eta, bukatzeko, Modelo aretoan erakutsiko ditugu jendaurrean.
Anima zaitezte! Esperientzia polita izateaz gain, saria ere jasoko duzue: pantaila handian nork bere azpitituluak ikustea errezitaldiekin batera, eta jendearen txaloak jasotzea.