Albisteak 2015
Alex Gurrutxaga ardoaz eta literaturaz
Albisteak 2015Aurtengo Literaturiaren gaia aitzaki gisa harturik, Alex Gurrutxagak ardoaren eta literaturaren arteko harremanaizan du hizpide Info7-n. Zer izan zen lehenago, ardoa ala literatura? Galdera horretatik abiatuta, literatur ibilbide apetatsua eskaini du ardoa lagun. Entzun nahi baduzu, klikatu gainean.
Bernardo Atxagaren eta Jose Luis Padronen ‘aperitiboa’, Garoan
Albisteak 2015Ostegun honetan (maiatzaren 14an) abiatuko dugu Literaturia 2015. Berez, maiatzaren 28tik 31 bitartean izango denaren aurre-ekitaldia izango da, ‘aperitibo’ modukoa, eta bertan Bernardo Atxaga eta Jose Luis Padron ariko dira. Errezitaldi berezia eskainiko dute bien artean Zarauzko Garoa liburu-dendan, 19:00etan hasita; sarrera doakoa izango da.
Horra aurtengo bideoa!
Albisteak 2015Hona hemen Literaturia 2015 iragartzeko landu dugun film laburra. On egin!
Trixerta soinean eraman nahi?
Albisteak 2015Berria egunkariak ezusteko atsegina eman digu, Literaturiako trixertak aterata. Elastiko esklusiboak dira, Savanna Studioaren diseinuarekin, eta irudiak ezin hobeto jasotzen du aurtengo jaialdiaren ardatza: luma estilografikoa bihurtzen den kopa bat ardo. Trixertak Berria.eus atarian eros daitezke 25 euroan; berrialagunek eta harpidedunek %10eko deskontua dutenez, 22,5 euroan eskuratu dezakete. Lau modelo daude aurkeran, gainera: urdin koloreko elastiko estua, urdin koloreko zabala, gris koloreko estua eta gris koloreko zabala. Aukeratu al duzu zurea?
Bideoaren estreinaldia larunbatean, ‘Sautrela’ saioan
Albisteak 2015Aurkezpen-ekitaldian erakutsi genuen lehen aldiz Literaturia 2015eko bideoa, bertaratutako komunikabideen aurrean. Estreinaldi ofiziala, ordea, larunbat honetan egingo dugu. ETB1eko Sautrela saioan eskainiko da, larunbat honetan (maiatzaren 9an), 15:00etatik aurrera.
Ikus-entzunezkoa Juanfe Garcesek errodatu du, Bertol Arrietaren gidoia ardatz hartuta, eta aktore lanetan Ander Lipus, Ainhoa Alberdi, Patxi Santamaria, Iraia Elias eta Beñat Aristi aritu dira.
Ahoa bete hortz utziko zaitu… ala ahoa bete odol?
Odolean daramagu!
Albisteak 2015, Literaturia 2015Liburuak eskegita eta zunda bidez gorputzari itsatsita. Literatura zainetara, zehatzago esateko. Literaturia 2015en kartelak irudi hori erakusten du, Odolean daramagu leloa hartuta. Azken finean, antolakuntza lanetan gabiltzanon pasioa literatura delako, literaturzaleak garelako, eta pizten gaituen hori odolean daramagulako.
Gaur eguerdian aurkeztu dugu maiatzaren 28tik 31 bitartean Zarautzen izango den Euskal Letren Plaza, Donostiako Garoa Kultur Laben, eta horrekin batera aurtengo egitasmoa iragartzen duen kartela eta ikus-entzunezkoa. Bietan ala bietan Ander Lipus aktorea da protagonista; argazkia egiteaz Lander Garro arduratu da, diseinuaz Oihana Leunda eta bideoaz, berriz, Juanfe Garces, Bertol Arrietak landutako gidoiarekin. Aurkezpenarekin, beraz, estreinaldi bikoitza egin dugu.
Egitarau zabala antolatu dugu, mimoz eta kariñoz beteta, eta ardoa ardatz izango duena. Agerraldian presente izan dira Literaturia Kultur Elkarteko lehendakari Ana Galarraga, Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluze eta Garoako arduradun Imanol Agirre. Horiekin batera, aurtengo Literaturia 2015en ariko diren bi idazle ere izan dira gurekin: Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez. Gonbidatuek maiatzeko azken egunetan gurean eskainiko duten saioez aritu dira solasean; Jimenezek Nora Barnacle izango du ardatz, AurresQ taldea bidelagun duela, eta Urretabizkaiak hiruko solasaldi batean hartuko du parte, Arantxa Iturberekin eta Karmele Jaiorekin batera.
Zuk ere odolean al daramazu? Hala bada, Zarautzen duzu gurekin hitzordua maiatzaren azkenean.
Aurkezpen ekitaldia apirilaren 30ean
Albisteak 2015, Literaturia 2015Maiatzaren 29tik 31 bitartean Literaturia 2015-Euskal Letren Plaza ospatuko dugu Zarautzen, eta horren berri emateko aurkezpen-ekitaldia antolatu dugu aste honetarako. Era beran, aurtengo kartela eta bideoa aurkeztuko ditugu. Apirilaren 30ean izango da, ostegunarekin, 12:00etan hasita, Donostiako Garoa Kultur Laben (Zabaleta kalea 34).
Agerraldian izango dira Literaturia Kultur Elkarteko kide Ana Galarraga, Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluze eta Garoako arduradun Imanol Agirre. Horiekin batera, aurtengo ekitaldian ariko diren bi gonbidatuk ere hartuko dute parte: Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez idazleek.
Bertan elkar ikusiko dugulakoan, jaso gure agurrik beroena.
Bideo ofiziala errodatzen
Albisteak 2015, Literaturia 2015Literaturia 2015eko bideo ofizialarekin lanean jarraitzen dugu. Juanfe Garcesen eta Bertol Arrietaren gidaritzapean, luxuzko aktore taldea hartzen ari da parte aurtengo ikus-entzunezkoan: Ander Lipus, Ainhoa Alberdi, Patxi Santamaria, Iraia Elias eta Beñat Aristi. Aurreko ostegunean ekin genion filmaketari, eta ostegun honetan bigarren eta azken saioa egingo dugu. Aldi honetarako, aipatu aktoreez gain, kaleko jendearen presentzia behar dugu. Figuranteak behar ditugula, alegia. Bi pasarte jendetsu izango ditu ekoizpenak, eta honako ordutegi nahiz toki hauetan filmatuko dugu Zarautzen: 14:00etatik 16:30era, Garoa liburu-dendan, eta 17:00etatik 19:30era Txiki-Polit tabernan. Animatu zaitez, zuk ere odolean baitaramazu!
Bi hilabete baino ez
Albisteak 2015, Literaturia 2015Bi hilabete falta dira Literaturia 2015 – Euskal Letren Plaza Zarautzen ospatzeko. Egitarauak agerian uzten duen bezala, maitasun handiz antolatzen ari gara aurtengo ekitaldia. Literaturia Kultur Elkarteko kideok ilusioz heldu diogu erronkari, eta ilusio berarekin jarraitzen dugu tarteka Gure Kabia elkarte gastronomikoan elkartzen, xehetasun guztiak atontzeko. Hori bai, ardoa bidelagun dugula!