Badator Literaturia 2015!

Literaturia 2015

Larrabetzun abiatu eta bost urte egin ondoren, Literaturia Zarautzera lekualdatu zen iaz. Zarautzek lotura estua izan du tradizioz euskal kulturarekin, eta herriak euskarazko literaturaren plaza izateko ezaugarri guztiak dituelako eman zen aldaketa. Iazkoa, nolanahi ere, trantsizio urtea izan zen; besteak beste, lantalde eraberritu baten esku geratu zelako egitasmoaren kudeaketa. Literaturia Zarautzen ospatuko da aurten ere, eta lantalde berriak gogotsu heldu dio erronkari.

Maiatzaren bukaeran izango da Literaturia 2015, hilaren 29tik 31ra, eta aurten ardoa izango du ardatz. “Ardoa izango da egitasmoan zehar gozatu ahal izango diren ekitaldietako gai nagusia. Hari gidaria, nolabait esateko. Ardoa idazle askoren inspirazio iturri izan da historikoki, baina baita galbide ere. Asko dira ardoaren inguruan idatzikoak. Era berean, ez dugu ahaztu behar Euskal Herrian nolako garrantzia duen gastronomiak, jateak eta edateak, eta horri lotuta, Zarautzek eta inguruak egiten dion ekarpena txakolinarekin”, azaldu dute lan-taldeko kideek.

Zarauzko herrigunea euskal literaturaren plaza bilakatuko da hiru egunez. Ekitaldi ia guztiak Modelo aretoan eskainiko dira, eta udaberriko uztaren aurkezpenak Garoa liburu dendan egingo dira. Kanpoaldean ere izango da zer gozatua, literatura ere kalera atera nahi dute, herritarren eskura jarri liburu azokarekin. Hainbat dira Literaturia 2015ean gurekin izango direnak: besteen artean, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Karmele Jaio, Jon Alonso, Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Mursego, Uxue Alberdi, Dejabu panpin-laborategia, Jule Goikoetxea…

Lantaldeak buru-belarri jarraitzen du egitasmoko xehetasun guztiak lotzen, Literaturia euskal literaturzaleen topagune eta erreferente izan dadin. Egitasmoaren berri izateko: twitter.com/literaturiaz edo www.facebook.com/literaturia