Arratsalde zoragarria pasatu genuen atzo Talai-Berri txakolindegian, Literaturia 2015eko lehen hitzorduan, ‘Zentzumenen zoramena‘ ekitaldian. Tere Irastorza, Oier Santos, Gaizka Zabarte eta Katixa Agirre idazleek euren azken laneko pasarteak irakurri zituzten, eta Maddalen Marzol lurringileak usaina jarrai zien pasarteoi eta Itziar Eizagirre enologoak zaporea. Gozatu ederra hartu genuen bertaratu ginen guztiok. Mila esker!
Author: literaturia
Liburu azoka eta aurkezpenak
Albisteak 2015Iaz bezalaxe, liburu azoka Zigordia kalean atonduko dugu, udaletxe aurretik Musika Plaza bitartean. Aurten ahalegin berezia egin dugu antolakuntzatik azoka asteburu osoan izan dadin. Hori horrela, larunbatean goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandean, goizez, 11:00etatik 13:30era.
Dozena bat postu izango dira, eta euskal argitaletxe nagusiak bertan izango dira, udaberriko literatur uztarekin. Horiez gain, Karrikiri elkarteak ere mahaia jarriko du, eta argitaletxe txikiek nahiz autoedizioko lanek ere beren presentzia izango dute azokan.
Liburu aurkezpenak, aurten ere, Garoan egingo dira, eta, besteak beste, idazle hauek gerturatuko dira: Kepa Altonaga, Koldo Izagirre, Karlos Linazaso, Josune Muñoz eta Oier Guillan, Joxemari Iturralde, Mikel Ayllon, Elena Ferrante, Gerardo Markuleta, Iñigo Roque, Xabier eta Martin Etxeberria, Aritz Gorrotxategi eta Luis Garde. Aurkezte saioen eguna eta ordua jada zehaztuta dago; egitarauan topatuko duzue idazle bakoitza noiz ariko den.
literaturia 2015 Juanfe bideoa
Literaturia 2015https://vimeo.com/126885883
‘Odolean daramagu’, Modeloko pantaila handian
Albisteak 2015Literaturia iragartzeko bideoa edo, hobeto esanda, film laburra Modelo aretoan aurkeztuko dugu bihar, Zarautz Kulturaren Sorlekutik egitasmoaren barruan. Emanaldiaz gain, Juanfe Garces zuzendariarekin eta Bertol Arrieta gidoilariarekin solasaldia egingo da, Aritz Mutiozabal kazetariak gidatuta. Saioa 19:00etan hasiko da, eta denok zaudete gonbidatuta.
Zentzumenen zoramena
Albisteak 2015Zentzumenak suspertu eta zoratzeraino gozatzeko parada eskainiko dugu ostegunean, maiatzaren 28an. Literaturia 2015-Euskal Letren Plazako lehen ekitaldia izango da, aurtengo jaialdia abiaraziko duena, Bernardo Atxagak eta Jose Luis Padronek duela hamar egun eskainitako atariko saioaren ondotik. Zentzumenen zoramena izenburua jarri diogu ekitaldiari, eta funtsean horixe eskainiko dugu, udaberriko literatur uzta entzuteko, dastatzeko eta usaintzeko aukera bakana.
Oier Santos, Tere Irastorza, Gaizka Zabarte eta Katixa Agirre idazleek beren azken lanetako pasarteak irakurriko dizkigute, eta pasarte horietan oinarrituta, Talai-Berri txakolindegiko enologo Itziar Eizagirrek bakoitzari egokien datorkion txakolin, ozpin edo pattarra proposatuko du dastatzeko. Era berean, El Tocador de Dorothy bloga gidatzen duen Maddalen Marzol lurringileak aipatu pasarte bakoitzari propio ekoitzitako lurrina ekarriko du, bertaratzen diren guztiek usaindu dezaten.
Ekitaldi berezi hau Zarauzko Talai-Berri txakolindegian egingo dugu, 20:00etan hasita. Bertaratu nahi duenak 10 euroan eskuratu dezake sarrera, erreserba aldez aurretik eginez Sanz Enea Kultur Etxean, Garoa liburu-dendan edo literaturia2015@gmail.com posta elektronikora idatziz.
Sarrerarik gabe geratuko al zara?
Albisteak 2015Modelo aretoko ekitaldietako sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Modelo leihatilan; eta larunbat iluntzeko bertso-saioarena Putzuzulo gaztetxean. Egitarauko saio batzuk doakoak izango dira, eta ordaindu beharrekoei prezio herrikoia jarri nahi izan diegu: 3 euroan. Horrez gain, bonoa eskuratu daiteke 12,00 euroan, eta ekitaldi guztietarako balioko du, txakolindegiko saiorako eta haur-antzerkirako izan ezik. Bonoak Sanz Enea Kultur Etxean eta Garoa liburu-dendan eskuratu daitezke aurretik. Horrez gain, bonoa erreserbatzeko aukera dago, literaturia2015@gmail.com posta elektronikora idatzita.
Maiatzaren 28an Talaiberri txakolindegian izango dugun Zentzumenen zoramena ekitaldiko sarrerak 10 euro balioko du. Ekitaldi berezia izango da, literatura, txakolina eta lurrina uztartuko dituelako. Bertaratu nahi baduzu, aldez aurretik egin beharko da erreserba Sanz Enea Kultur Etxean, Garoa liburu-dendan edo Literaturiaren posta elektronikora idatzita.
Haurrei zuzendutako Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako ikuskizuna izango dugu maiatzaren 31n, Modelo aretoan, Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik. Sarrera gonbidapenarekin izango da, eta aforo mugatua izango du: 30 lagun. Gonbidapenak Sanz Enea Kultur Etxean jaso daitezke.
Plazer bat izan da Bernardo!
Albisteak 2015Alex Gurrutxaga ardoaz eta literaturaz
Albisteak 2015Aurtengo Literaturiaren gaia aitzaki gisa harturik, Alex Gurrutxagak ardoaren eta literaturaren arteko harremanaizan du hizpide Info7-n. Zer izan zen lehenago, ardoa ala literatura? Galdera horretatik abiatuta, literatur ibilbide apetatsua eskaini du ardoa lagun. Entzun nahi baduzu, klikatu gainean.
Bernardo Atxagaren eta Jose Luis Padronen ‘aperitiboa’, Garoan
Albisteak 2015Ostegun honetan (maiatzaren 14an) abiatuko dugu Literaturia 2015. Berez, maiatzaren 28tik 31 bitartean izango denaren aurre-ekitaldia izango da, ‘aperitibo’ modukoa, eta bertan Bernardo Atxaga eta Jose Luis Padron ariko dira. Errezitaldi berezia eskainiko dute bien artean Zarauzko Garoa liburu-dendan, 19:00etan hasita; sarrera doakoa izango da.
Horra aurtengo bideoa!
Albisteak 2015Hona hemen Literaturia 2015 iragartzeko landu dugun film laburra. On egin!