- Ispilua izango da ekitaldi guztiak bilduko dituen gaia; leloa, berriz, Literaturia gure isla da (#gureisla)
- Maiatzaren 3an aurkeztuko da egitaraua, 11:30ean, Kaxilda liburu-dendan (Donostia)
- Emanaldi, azoka eta liburu-aurkezpenez gain, bestelako osagaiak ere izango ditu aurtengo jaialdiak
Aurten ere Euskal Letren Plaza bihurtuko da Zarautz. Maiatzaren 25etik 28ra, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarautzeko kale eta aretoetan, literaturarekin gozatzeko. Ispilua izango da aurtengo gaia; izan ere, antolatzaileen ustez, literatura bada norberaren buruarekin topo egin eta ezagutzeko modu bat. Ideia horren inguruan antolatu dituzte, beraz, aurtengo emanaldiak eta jardunaldiak.
Egitaraua aurkezteko, maiatzaren 3an prentsaurrekoa emango dute antolatzaileek. Kaxilda liburu-dendan izango da, 11:30ean, eta Irati Jimenez idazlearen eta Petti musikariaren laguntza izango dute. Hain zuzen, haiek izango dira irekiera-ekitaldiaren protagonista nagusiak, maiatzaren 26an, Modelo aretoan. Prentsaurrekoan, Literaturiarako prestatu duten emanaldiaren lagin bat eskainiko dute. Horrez gain, aurtengo Literaturia iragartzeko bideoa ere aurkeztuko da.
Laster izango dituzue berri gehiago. Bitartean, gorde datak agendan, mesedez. Zuen zain izango gaituzue!