Plazer hutsa

Literaturia 2016

Larrua izango da Literaturia jaialdiaren aurtengo gaia

  • Zarautzen ospatuko da, maiatzaren 19tik 22ra
  • Emanaldiak, liburu-azoka eta liburu-aurkezpenak izango dira

Ekitaldiz bete-betea dator aurten ere maiatzaren 20ko asteburuan ospatuko den euskal letren azoka, Literaturia. “Larrua” gaitzat harturik hainbat idazlek eta musikarik hartuko dute parte, “Plazer hutsa” lelopean.

Besteak beste, Miren Agur Meabek egingo du irekiera hitzaldia eta Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe parez pare izango dira euren jardunari buruzko solasean, Goizalde Landabasok gidatuta. Harkaitz Canok Anne Sexton-en poematan oinarrituriko “Ene maite kuttunak” ekitaldia aurkeztuko du, Iban Urizar (Amorante) musikaria eta Ainara Gurrutxaga aktorearekin batera; Itu Bandakoak ere Zarauzko plaza honetan izango dira, eta Ruper Ordorikak kontzertu berezi eta intimoa eskainiko du. Xabier Paya “Nork hil du Andoni Egaña?” liburuan oinarrituriko ikuskizunaren estreinaldiarekin etorriko da, eta Zarauzko Modelo aretoan izango dira, era berean, Axiari eta Irazoki, Oier Guillan eta Metrokoadroka. Poesia-bideoak azpititulatzeko tailerrak segida izango du aurten ere.

Iazko arrakastari eustea da Literaturia osatzen duen lan-talde sendotuaren asmorik garrantzitsuena, eta Zarautz udaberriko euskarazko liburuen erakusleku bihurtzea. Hala, ekitaldi hauez gain, udaberrian argitaratzekoak diren liburuen aurkezpenak egingo dira Garoa liburu-dendan, eta liburu-azoka izango da Musika plazan.

Bestalde, bidean da dagoeneko Literaturia 2016 sustatzeko bideoa. Apirilaren 20an aurkeztuko dugu, egitarau osoarekin batera, Donostiako Garoa liburu-dendan egingo dugun prentsaurrekoan.