IMG_20170520_202740

Dena prest Literaturia hasteko!

Albisteak, Literaturia 2017

Ostegunean hasiko da Literaturia. Aurtengo gaila “Ispilua” da, eta, hain zuzen, palindromoekin, hau da, hitzak eta esaldiak ispilu aurrean jarrita jolasten du Marcos Gimeno Vesgak. Haren emanaldiak irekiko du egitaraua, ostegunean, Euskalduna Tabernan, 19:30ean.

Ordutik eta igandera bitartean, Euskal Letren Plaza bihurtuko da Zarautzen erdigunea. Egitarau oparoa prestatu dute, eta denak, heldu zein haur, daude gonbidatuta hitzekin gozatzera. Izan ere, leloak dioen moduan, “Literaturia gure isla da”.

IMG_20170520_202740

Poesia azpititulatzeko tailerra

Albisteak, Literaturia 2017

Aurten ere, poesia-bideoak euskaratu eta azpititulatzeko tailerra egingo dugu Literaturian, maiatzaren 27an (larunbata). Aurreko bi saioek izan zuten harrera ikusita, hirugarrenarekin ausartu gara, eta parte hartzeko izena eman dezazuen gonbita egin nahi dizuegu. Tailer irekia izango da eta ez da beharrezkoa poesia itzultzailea izatea edo azpititulatzen aritua: poesia maite baduzu eta beste kulturetako poemak euskaraz zabaldu nahi badituzu, zatoz!

Aurtengoan, Literaturiak izango duen gai bera aukeratu dugu tailerrerako, Ispilua, eta itzul litezkeen zenbait poema bildu ditugu. Nolanahi ere zeuek ere proposa ditzakezue itzultzeko poemak (Bideoa duten poema errezitatuak behar ditugu, 2-5 minutukoak).

Zuek parte hartu ala ez, poema egokiren bat ezagutzen baduzue, medesez, apuntatu ezazue fitxategi honetan.
https://docs.google.com/spreadsheets/d/1NPTZmBNlbWkuvuhtfUc1OS2j0X7J8pnYghOy1wVfOXs/edit?usp=sharing

Esan bezala, tailerra irekia eta doakoa izango da, baina izena eman behar da maiatzaren 22a baino lehen. Horretarako, nahikoa duzue mezu honi erantzutea edo Bego Montorio zein Garazi Arrularekin harremanetan jartzea (bego.montorio[a bildua]gmail.com; garazi.ar[a bildua]hotmail.com)

Bakoitzak aurretik landu behar du bere poemaren itzulpena. Larunbat horretan, berriz, 9etan Zarauzko udaletxean elkartuko gara, eta tailerraren hasieran itzulpenei buruz jardungo dugu; jarraian, itzulpenok sinkronizatuko ditugu, eta, bukatzeko, Modelo aretoan erakutsiko ditugu jendaurrean.

Anima zaitezte! Esperientzia polita izateaz gain, saria ere jasoko duzue: pantaila handian nork bere azpitituluak ikustea errezitaldiekin batera, eta jendearen txaloak jasotzea.

 

Laster aurkeztuko dugu Literaturiaren egitaraua

Albisteak
  • Ispilua izango da ekitaldi guztiak bilduko dituen gaia; leloa, berriz, Literaturia gure isla da (#gureisla)
  • Maiatzaren 3an aurkeztuko da egitaraua, 11:30ean, Kaxilda liburu-dendan (Donostia)
  • Emanaldi, azoka eta liburu-aurkezpenez gain, bestelako osagaiak ere izango ditu aurtengo jaialdiak

Aurten ere Euskal Letren Plaza bihurtuko da Zarautz. Maiatzaren 25etik 28ra, idazleak, argitaletxeak eta irakurleak nahastuko dira Zarautzeko kale eta aretoetan, literaturarekin gozatzeko. Ispilua izango da aurtengo gaia; izan ere, antolatzaileen ustez, literatura bada norberaren buruarekin topo egin eta ezagutzeko modu bat. Ideia horren inguruan antolatu dituzte, beraz, aurtengo emanaldiak eta jardunaldiak.

Egitaraua aurkezteko, maiatzaren 3an prentsaurrekoa emango dute antolatzaileek. Kaxilda liburu-dendan izango da, 11:30ean, eta Irati Jimenez idazlearen eta Petti musikariaren laguntza izango dute. Hain zuzen, haiek izango dira irekiera-ekitaldiaren protagonista nagusiak, maiatzaren 26an, Modelo aretoan. Prentsaurrekoan, Literaturiarako prestatu duten emanaldiaren lagin bat eskainiko dute. Horrez gain, aurtengo Literaturia iragartzeko bideoa ere aurkeztuko da.

Laster izango dituzue berri gehiago. Bitartean, gorde datak agendan, mesedez. Zuen zain izango gaituzue!

Ahaleginak merezi izan du

Albisteak

DSC_0141

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Literaturia-Euskal Letren Plazak, eta Literaturia Kultur Elkarteko ok oso gustura gaude jaialdiak iraun duen hiru egunetan, eta aurretiko ekitaldietan, izan duen erantzunarekin. Zarauzko lantaldeak iaz hartu genuen Larrabetzukoen lekukoa, eta estreinako aldi hura trantsiziokoa izan zen; nolabait esateko, elkarlanean antolatu zen. Aurten, aldiz, gure gain hartu dugu ardura hasiera-hasieratik, eta ilusio handiz aritu gara prestatzen ia bederatzi hilabetez. Asteburuan ikusi ahal izan dugu emaitza, eta emaitza izan da merezi izan duela ahaleginak.

Jende asko gerturatu da antolatutako ekitaldietara eta liburu-aurkezpenetara, eta azokan ere uneoro izan dira literaturzaleak. Modelo aretoa bitan bete genuen: bata, ostiralean, Anjel Lertxurdiren irekiera eta Harkaitz Cano-Mursegoren Porto ikuskizunarekin, eta bigarrena, igande goizean, Dejabu Panpin Laborategiaren haur-antzerkiarekin. Gainerako emanaldietako bataz besteko ehun ikuslerena izan da; kontuan izan, egin zuen eguraldia izanda eta ordutegia askok nahiago izan zutela Literaturia hondartza baino. Garrantzitsua iruditzen zaigu, gainera, publikoa denetarikoa izan zela nabarmentzea, eta ekitaldiaren arabera publiko-mota bat edo beste hurbildu zela, herrikoak zein kanpokoak izan; esaterako, Erractus-ek publiko gazteagoa izan zuen, solasaldiak helduagoa eta Ardoa eta odola-k musikazaleagoa edo zinemazaleagoa.

Oihartzun zabala izan dugu komunikabideetan, eta zeresanik ez sare-sozialetan. Umap Euskaraz plataformaren arabera, igandeko iluntzeko 21:00etan Literaturia gairik aipatuena izan zen twitter-en (12 orduz), #OdoleanDaramagu traolarekin. Horrek esan nahi du asteburuko beste bi jaialdi handiagoek –Ibilaldia eta Olatu Talka– baino jarraipen handiagoa izan zuela sarean.

Azkenik, biziki eskertu nahi ditugu aurtengo Literaturia behar bezala ateratzeko eduki dugun laguntza eta babes guztia, bai laguntzaileen aldetik bai argitaletxeen aldetik, eta, nola ez, Zarauzko Udalaren aldetik ere. Bestalde, ikuslearen babesa ikaragarria izan da, haiek gabe ezingo genuke jaialdia altxa. Zorion mezuak izan ditugu eta eskertuta gaude guztiz. Hala ere, kritikak eta iradokizunak ere eskertzen ditugu, gure asmoa Euskal Letren Plaza hobetzen jarraitzea da. Gurekin harremanetan jarri nahi dutenek: literaturia2015@gmail.com

Literaturiak eman duena helbide hauetan topatu dezakezue:

http://literaturia.eus/ eta https://www.flickr.com/photos/literaturia

Odolean… bertsotan bukatu arte!

Albisteak

DSC_0020

Celosamente Gordeak, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir lagun, hildako gizona oso bizirik dagoela ziurtatu zigu. Edorta Jimenezek, berriz, James Joyce eta Nora Barnacle izan dituen aztergai, mormoien liburuaren arrastoan. Txakolin nafarraren identitate galduaren bila aritu ginen Zarauzko kaleetan zehar, eta batzuk Athleticeko elastikoa soineratu bazuten ere, kata bereziz busti ginen putzuzulotan, bertsorik bertso, Onintza Enbeita, Mantxi, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdirekin.

Gaur irria alderik alde dugula esnatu gara, literatura eta ardoa oraindik zainetatik barreiatzen zaigun seinale.