Zentzumenen zoramena

Albisteak 2015

13329269043904-0-368x276

Zentzumenak suspertu eta zoratzeraino gozatzeko parada eskainiko dugu ostegunean, maiatzaren 28an. Literaturia 2015-Euskal Letren Plazako lehen ekitaldia izango da, aurtengo jaialdia abiaraziko duena, Bernardo Atxagak eta Jose Luis Padronek duela hamar egun eskainitako atariko saioaren ondotik. Zentzumenen zoramena izenburua jarri diogu ekitaldiari, eta funtsean horixe eskainiko dugu, udaberriko literatur uzta entzuteko, dastatzeko eta usaintzeko aukera bakana.

Oier Santos, Tere Irastorza, Gaizka Zabarte eta Katixa Agirre idazleek beren azken lanetako pasarteak irakurriko dizkigute, eta pasarte horietan oinarrituta, Talai-Berri txakolindegiko enologo Itziar Eizagirrek bakoitzari egokien datorkion txakolin, ozpin edo pattarra proposatuko du dastatzeko. Era berean, El Tocador de Dorothy bloga gidatzen duen Maddalen Marzol lurringileak aipatu pasarte bakoitzari propio ekoitzitako lurrina ekarriko du, bertaratzen diren guztiek usaindu dezaten.

Ekitaldi berezi hau Zarauzko Talai-Berri txakolindegian egingo dugu, 20:00etan hasita. Bertaratu nahi duenak 10 euroan eskuratu dezake sarrera, erreserba aldez aurretik eginez Sanz Enea Kultur Etxean, Garoa liburu-dendan edo literaturia2015@gmail.com posta elektronikora idatziz.