Odolean daramagu!

Albisteak 2015, Literaturia 2015

Literaturia 2015

Liburuak eskegita eta zunda bidez gorputzari itsatsita. Literatura zainetara, zehatzago esateko. Literaturia 2015en kartelak irudi hori erakusten du, Odolean daramagu leloa hartuta. Azken finean, antolakuntza lanetan gabiltzanon pasioa literatura delako, literaturzaleak garelako, eta pizten gaituen hori odolean daramagulako.

Gaur eguerdian aurkeztu dugu maiatzaren 28tik 31 bitartean Zarautzen izango den Euskal Letren Plaza, Donostiako Garoa Kultur Laben, eta horrekin batera aurtengo egitasmoa iragartzen duen kartela eta ikus-entzunezkoa. Bietan ala bietan Ander Lipus aktorea da protagonista; argazkia egiteaz Lander Garro arduratu da, diseinuaz Oihana Leunda eta bideoaz, berriz, Juanfe Garces, Bertol Arrietak landutako gidoiarekin. Aurkezpenarekin, beraz, estreinaldi bikoitza egin dugu.

Egitarau zabala antolatu dugu, mimoz eta kariñoz beteta, eta ardoa ardatz izango duena. Agerraldian presente izan dira Literaturia Kultur Elkarteko lehendakari Ana Galarraga, Zarauzko Udaleko kultura zinegotzi Gari Berasaluze eta Garoako arduradun Imanol Agirre. Horiekin batera, aurtengo Literaturia 2015en ariko diren bi idazle ere izan dira gurekin: Arantxa Urretabizkaia eta Edorta Jimenez. Gonbidatuek maiatzeko azken egunetan gurean eskainiko duten saioez aritu dira solasean; Jimenezek Nora Barnacle izango du ardatz, AurresQ taldea bidelagun duela, eta Urretabizkaiak hiruko solasaldi batean hartuko du parte, Arantxa Iturberekin eta Karmele Jaiorekin batera.

Zuk ere odolean al daramazu? Hala bada, Zarautzen duzu gurekin hitzordua maiatzaren azkenean.

IMG_7759