Deialdia

Albisteak

Irailean sartu berri gara, eta hila amaitu baino lehen irekiko dugu euskal letren plazako atea, 25ean. Aurtengoak ezberdina beharko du, halabeharrez, COVID-19aren pandemia dela-eta osasun eta segurtasun neurriak zorroztu egin behar izan baititugu. Edukiera mugatuek, ezinbesteko distantziak, desinfekzioek eta abarrek ezin ozpinduko digute, baina, urtero euskal literaturarentzat egindako txokoa!

Literaturian parte hartzeko aukerak ugaritu nahi ditugu aurten, inor gera ez dadin ekarpenen bat egiteko gogoz. Horregatik, dei egiten dizuegu, aurtengo gaiak ( atea: hitza da giltza ) iradokitzen dizuenarekin lotutako euskarazko literatur testu baten atal bat (0-150 hitz) ahoz gora irakur eta graba dezazuen. Audio horiek Literaturiako liburu azoka eta Modelo Aretoa girotzeko erabiliko dira, euskal literatura etengabe entzun dadin euskal letren asteburuan!

Bestalde, erabaki dugu aurten EIZIErekin batera (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) antolatzen den itzulpen tailerra ez egitea, COVID-19agatik ezarri beharreko segurtasun eta osasun neurrien ondorioz ezinezkoa izango baita nahi dugun moduko tailer eta errezitaldia egitea. Dena den, itzulpengintzak ere izan behar du bere lekua euskal literaturan, eta ez edonolakoa! Hortaz, itzulpenetan arituei, adituei, zaletuei eta aritzeko gogoa duen edonori dei egiten dizuegu ere atzerriko hizkuntzaren bateko literatur testu baten atal bat itzul dezazuen (0-150 hitz), eta zuen itzulpena ahoz gora irakurri eta graba dezazuen, gero grabazio horiek, besteekin batera, 2020ko Literaturia girotzen laguntzeko.

Audioan, testua irakurri aurretik, esan obraren eta autorearen izenak, mesedez.

Bidali zuen testuak eta audioak helbide honetara, hilaren 21a baino lehen: literaturia.zarautzen@gmail.com