Literaturia 2016

Literaturia 2016

Literatura plazer-iturri dela frogatzeko hamaika aukera, Literaturian, maiatzaren 19tik 22ra

  • Errezitaldiak, solasaldiak, liburu-aurkezpenak, liburu-azoka eta musika izango dira Zarautzen, larrua ardatz hartuta
  • Miren Agur Meabek egingo du irekiera-hitzaldia, eta Kirmen Uribek, Eider Rodriguezek eta Ruper Ordorikak ere parte hartuko dute jaialdian, besteak beste

Egitarau bete-betea aurkeztu dute Literaturia kultura-elkartearen ordezkariek. Haiekin batera, Oier Guillan idazle eta aktorea, eta Itu Bandako Alazne Arruti ere izan dira aurkezpenean. Hain zuzen ere, haiek dira Literaturian egingo diren bi estreinaldiren partaideak: Mr Señora errezitaldi dramatizatua (Metrokuadroka), eta Isabel Iturberen bizitza eta heriotza ikuskizuna (Itu Banda).

Ez dira horiek lehen aldiz aurkeztuko diren lan bakarrak. Miren Agur Meabek irekiera-hitzaldia eskainiko du; Beñat Axiarik eta Joseba Irazokik hitzak, musika eta inprobisazioa nahastuko dituzte Maitiak galdegin zautan emanaldian; eta larruaz eta literaturaz hitz egingo dute Eider Rodriguezek eta Kirmen Uribek, Goizalde Landabasorekin.

Ruper Ordorikaren bakarkako kontzertu intimoa, Ene maite kuttun guztia errezitaldi musikatu eta antzeztua (Harkaitz Cano, Amorante eta Ainara Gurrutxaga), eta Nork hil du Andoni Egaña? komikian oinarritutako emanaldia (Xabi Paya, Patxi Gallego) ere izango dira ikusgai. Emanaldi horiek guztiak Modelo aretoan izango dira.

Irakurleen eta sortzaileen arteko topagune

Antolatzaileen esanean, Literaturia jaialdi bat baino gehiago da. Liburu-azoka ere bada, eta azken argitalpenen erakusleiho. Baina, batez ere, topagune da: diziplinen arteko topagunea, eta idazleen, editoreen eta irakurleen artekoa. Hain zuzen, liburu-azokak eta liburu argitaratu berrien aurkezpenek aukera ezin hobea eskaintzen die batzuei eta besteei elkartzeko, iritziak trukatzeko eta harremanak egiteko. Azoka Musika Plazan izango da, eta aurkezpenak, berriz, Garoa liburu-dendan. Horrenbestez, herri gunean bilduko dira Literaturiaren ekitaldi guztiak.

Aipatutakoez gain, beste ekitaldi batzuk ere izango dira: poesia-bideoak euskaratu eta azpititulatzeko tailerra, kontzertuak, poesia-errezitaldiak… Denak, gai baten inguruan, larrua, eta lelo baten pean: plazer hutsa. Gozatzeko aukerak, behintzat, izango dira.

Jarraian, prentsaurrekoko hainbat argazki eta aurtengo kartela.

literaturia16-KARTELAA4-(1)

 

 

 

Plazer hutsa

Literaturia 2016

Larrua izango da Literaturia jaialdiaren aurtengo gaia

  • Zarautzen ospatuko da, maiatzaren 19tik 22ra
  • Emanaldiak, liburu-azoka eta liburu-aurkezpenak izango dira

Ekitaldiz bete-betea dator aurten ere maiatzaren 20ko asteburuan ospatuko den euskal letren azoka, Literaturia. “Larrua” gaitzat harturik hainbat idazlek eta musikarik hartuko dute parte, “Plazer hutsa” lelopean.

Besteak beste, Miren Agur Meabek egingo du irekiera hitzaldia eta Eider Rodriguez eta Kirmen Uribe parez pare izango dira euren jardunari buruzko solasean, Goizalde Landabasok gidatuta. Harkaitz Canok Anne Sexton-en poematan oinarrituriko “Ene maite kuttunak” ekitaldia aurkeztuko du, Iban Urizar (Amorante) musikaria eta Ainara Gurrutxaga aktorearekin batera; Itu Bandakoak ere Zarauzko plaza honetan izango dira, eta Ruper Ordorikak kontzertu berezi eta intimoa eskainiko du. Xabier Paya “Nork hil du Andoni Egaña?” liburuan oinarrituriko ikuskizunaren estreinaldiarekin etorriko da, eta Zarauzko Modelo aretoan izango dira, era berean, Axiari eta Irazoki, Oier Guillan eta Metrokoadroka. Poesia-bideoak azpititulatzeko tailerrak segida izango du aurten ere.

Iazko arrakastari eustea da Literaturia osatzen duen lan-talde sendotuaren asmorik garrantzitsuena, eta Zarautz udaberriko euskarazko liburuen erakusleku bihurtzea. Hala, ekitaldi hauez gain, udaberrian argitaratzekoak diren liburuen aurkezpenak egingo dira Garoa liburu-dendan, eta liburu-azoka izango da Musika plazan.

Bestalde, bidean da dagoeneko Literaturia 2016 sustatzeko bideoa. Apirilaren 20an aurkeztuko dugu, egitarau osoarekin batera, Donostiako Garoa liburu-dendan egingo dugun prentsaurrekoan.