Irekiera ofiziala portoarekin

Albisteak

cano-mursego

Atzo txakolinarekin abiarazi genuen Literaturia 2015, eta gaur portoarekin jarraituko dugu. Kasu honetan, Harkaitz Cano idazlearen eta Mursego musikariaren arteko uztarketak asetuko digu gogoa; Modelo aretoko oholtza gainean izango ditugu, 20:00etan. Aurretik, ordu erdi lehenago, Euskal Letren Plazari behar bezalako irekiera emango dio Anjel Lertxundi idazle-adiskideak Modelon bertan.

Mormoiak bisitan datozkigu

Albisteak

MI-jamesnora

Edorta Jimenezek Mormoien bisita (Nora Barnacleren omenez) ikuskizuna eskainiko du, AurresQ taldea bidelagun. Emanaldia larunbatean izango da, 19:00etan, Modelo aretoan. Apertibo gisa, Charles Baudeleire poetaren olerki bat euskaratuta bidali digu Jimenezek:

 

Le vin des amants

Aujourd’hui l’espace est splendide!

Sans mors, sans éperons, sans bride,

Partons à cheval sur le vin

Pour un ciel féerique et divin!

 
Comme deux anges que torture

Une implacable calenture,

Dans le bleu cristal du matin

Suivons le mirage lointain!

 
Mollement balancés sur l’aile

Du tourbillon intelligent,

Dans un délire parallèle,

 
Ma soeur, côte à côte nageant,

Nous fuirons sans repos ni trêves

Vers le paradis de mes rêves!

 

Maitaleen ardoa

Noiz gaurkoa legezko aro bikainik!

Ez galgarik, ez uhalik, ez ezproirik,

goazen ardoaren bila, zaldiz, arin,

Ortzian barna maitale, azti eta sorgin.

 
Sukar menderakaitzak torturatu

aingeru biren moduan, aizu,

bila dezagun hango irudi urrunean

goizeko ispiluak dituen isla azuletan!

 
Zirimola inteligente honetan

-honelako eldarniorik noiz?-

Aire-uhin leunetan goaz hegan.

 
Arreba, igerian biok batera airos,

Ez eten (e)ta ez atseden, ardotara!

Nire ametsetakoa den paradisura.

Zentzumenak suspertu zaizkigu

Albisteak

IMG_7009

Arratsalde zoragarria pasatu genuen atzo Talai-Berri txakolindegian, Literaturia 2015eko lehen hitzorduan, ‘Zentzumenen zoramena‘ ekitaldian. Tere Irastorza, Oier Santos, Gaizka Zabarte eta Katixa Agirre idazleek euren azken laneko pasarteak irakurri zituzten, eta Maddalen Marzol lurringileak usaina jarrai zien pasarteoi eta Itziar Eizagirre enologoak zaporea. Gozatu ederra hartu genuen bertaratu ginen guztiok. Mila esker!

Liburu azoka eta aurkezpenak

Albisteak

14137334859_20dc5f237a_o

Iaz bezalaxe, liburu azoka Zigordia kalean atonduko dugu, udaletxe aurretik Musika Plaza bitartean. Aurten ahalegin berezia egin dugu antolakuntzatik azoka asteburu osoan izan dadin. Hori horrela, larunbatean goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandean, goizez, 11:00etatik 13:30era.

Dozena bat postu izango dira, eta euskal argitaletxe nagusiak bertan izango dira, udaberriko literatur uztarekin. Horiez gain, Karrikiri elkarteak ere mahaia jarriko du, eta argitaletxe txikiek nahiz autoedizioko lanek ere beren presentzia izango dute azokan.

Liburu aurkezpenak, aurten ere, Garoan egingo dira, eta, besteak beste, idazle hauek gerturatuko dira: Kepa Altonaga, Koldo Izagirre, Karlos Linazaso, Josune Muñoz eta Oier Guillan, Joxemari Iturralde, Mikel Ayllon, Elena Ferrante, Gerardo Markuleta, Iñigo Roque, Xabier eta Martin Etxeberria, Aritz Gorrotxategi eta Luis Garde. Aurkezte saioen eguna eta ordua jada zehaztuta dago; egitarauan topatuko duzue idazle bakoitza noiz ariko den.

‘Odolean daramagu’, Modeloko pantaila handian

Albisteak

Captura de pantalla 2015-05-25 a la(s) 09.58.35

Literaturia iragartzeko bideoa edo, hobeto esanda, film laburra Modelo aretoan aurkeztuko dugu bihar, Zarautz Kulturaren Sorlekutik egitasmoaren barruan. Emanaldiaz gain, Juanfe Garces zuzendariarekin eta Bertol Arrieta gidoilariarekin solasaldia egingo da, Aritz Mutiozabal kazetariak gidatuta. Saioa 19:00etan hasiko da, eta denok zaudete gonbidatuta.

Zentzumenen zoramena

Albisteak

13329269043904-0-368x276

Zentzumenak suspertu eta zoratzeraino gozatzeko parada eskainiko dugu ostegunean, maiatzaren 28an. Literaturia 2015-Euskal Letren Plazako lehen ekitaldia izango da, aurtengo jaialdia abiaraziko duena, Bernardo Atxagak eta Jose Luis Padronek duela hamar egun eskainitako atariko saioaren ondotik. Zentzumenen zoramena izenburua jarri diogu ekitaldiari, eta funtsean horixe eskainiko dugu, udaberriko literatur uzta entzuteko, dastatzeko eta usaintzeko aukera bakana.

Oier Santos, Tere Irastorza, Gaizka Zabarte eta Katixa Agirre idazleek beren azken lanetako pasarteak irakurriko dizkigute, eta pasarte horietan oinarrituta, Talai-Berri txakolindegiko enologo Itziar Eizagirrek bakoitzari egokien datorkion txakolin, ozpin edo pattarra proposatuko du dastatzeko. Era berean, El Tocador de Dorothy bloga gidatzen duen Maddalen Marzol lurringileak aipatu pasarte bakoitzari propio ekoitzitako lurrina ekarriko du, bertaratzen diren guztiek usaindu dezaten.

Ekitaldi berezi hau Zarauzko Talai-Berri txakolindegian egingo dugu, 20:00etan hasita. Bertaratu nahi duenak 10 euroan eskuratu dezake sarrera, erreserba aldez aurretik eginez Sanz Enea Kultur Etxean, Garoa liburu-dendan edo literaturia2015@gmail.com posta elektronikora idatziz.

Sarrerarik gabe geratuko al zara?

Albisteak

Bono

Modelo aretoko ekitaldietako sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Modelo leihatilan; eta larunbat iluntzeko bertso-saioarena Putzuzulo gaztetxean. Egitarauko saio batzuk doakoak izango dira, eta ordaindu beharrekoei prezio herrikoia jarri nahi izan diegu: 3 euroan. Horrez gain, bonoa eskuratu daiteke 12,00 euroan, eta ekitaldi guztietarako balioko du, txakolindegiko saiorako eta haur-antzerkirako izan ezik. Bonoak Sanz Enea Kultur Etxean eta Garoa liburu-dendan eskuratu daitezke aurretik. Horrez gain, bonoa erreserbatzeko aukera dago, literaturia2015@gmail.com posta elektronikora idatzita.

Maiatzaren 28an Talaiberri txakolindegian izango dugun Zentzumenen zoramena ekitaldiko sarrerak 10 euro balioko du. Ekitaldi berezia izango da, literatura, txakolina eta lurrina uztartuko dituelako. Bertaratu nahi baduzu, aldez aurretik egin beharko da erreserba Sanz Enea Kultur Etxean, Garoa liburu-dendan edo Literaturiaren posta elektronikora idatzita.

Haurrei zuzendutako Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako ikuskizuna izango dugu maiatzaren 31n, Modelo aretoan, Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik. Sarrera gonbidapenarekin izango da, eta aforo mugatua izango du: 30 lagun. Gonbidapenak Sanz Enea Kultur Etxean jaso daitezke.