Liburu azoka eta aurkezpenak

Albisteak 2015

14137334859_20dc5f237a_o

Iaz bezalaxe, liburu azoka Zigordia kalean atonduko dugu, udaletxe aurretik Musika Plaza bitartean. Aurten ahalegin berezia egin dugu antolakuntzatik azoka asteburu osoan izan dadin. Hori horrela, larunbatean goizez eta arratsaldez egongo da zabalik, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara, eta igandean, goizez, 11:00etatik 13:30era.

Dozena bat postu izango dira, eta euskal argitaletxe nagusiak bertan izango dira, udaberriko literatur uztarekin. Horiez gain, Karrikiri elkarteak ere mahaia jarriko du, eta argitaletxe txikiek nahiz autoedizioko lanek ere beren presentzia izango dute azokan.

Liburu aurkezpenak, aurten ere, Garoan egingo dira, eta, besteak beste, idazle hauek gerturatuko dira: Kepa Altonaga, Koldo Izagirre, Karlos Linazaso, Josune Muñoz eta Oier Guillan, Joxemari Iturralde, Mikel Ayllon, Elena Ferrante, Gerardo Markuleta, Iñigo Roque, Xabier eta Martin Etxeberria, Aritz Gorrotxategi eta Luis Garde. Aurkezte saioen eguna eta ordua jada zehaztuta dago; egitarauan topatuko duzue idazle bakoitza noiz ariko den.

Zentzumenen zoramena

Albisteak 2015

13329269043904-0-368x276

Zentzumenak suspertu eta zoratzeraino gozatzeko parada eskainiko dugu ostegunean, maiatzaren 28an. Literaturia 2015-Euskal Letren Plazako lehen ekitaldia izango da, aurtengo jaialdia abiaraziko duena, Bernardo Atxagak eta Jose Luis Padronek duela hamar egun eskainitako atariko saioaren ondotik. Zentzumenen zoramena izenburua jarri diogu ekitaldiari, eta funtsean horixe eskainiko dugu, udaberriko literatur uzta entzuteko, dastatzeko eta usaintzeko aukera bakana.

Oier Santos, Tere Irastorza, Gaizka Zabarte eta Katixa Agirre idazleek beren azken lanetako pasarteak irakurriko dizkigute, eta pasarte horietan oinarrituta, Talai-Berri txakolindegiko enologo Itziar Eizagirrek bakoitzari egokien datorkion txakolin, ozpin edo pattarra proposatuko du dastatzeko. Era berean, El Tocador de Dorothy bloga gidatzen duen Maddalen Marzol lurringileak aipatu pasarte bakoitzari propio ekoitzitako lurrina ekarriko du, bertaratzen diren guztiek usaindu dezaten.

Ekitaldi berezi hau Zarauzko Talai-Berri txakolindegian egingo dugu, 20:00etan hasita. Bertaratu nahi duenak 10 euroan eskuratu dezake sarrera, erreserba aldez aurretik eginez Sanz Enea Kultur Etxean, Garoa liburu-dendan edo literaturia2015@gmail.com posta elektronikora idatziz.

Sarrerarik gabe geratuko al zara?

Albisteak 2015

Bono

Modelo aretoko ekitaldietako sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira Modelo leihatilan; eta larunbat iluntzeko bertso-saioarena Putzuzulo gaztetxean. Egitarauko saio batzuk doakoak izango dira, eta ordaindu beharrekoei prezio herrikoia jarri nahi izan diegu: 3 euroan. Horrez gain, bonoa eskuratu daiteke 12,00 euroan, eta ekitaldi guztietarako balioko du, txakolindegiko saiorako eta haur-antzerkirako izan ezik. Bonoak Sanz Enea Kultur Etxean eta Garoa liburu-dendan eskuratu daitezke aurretik. Horrez gain, bonoa erreserbatzeko aukera dago, literaturia2015@gmail.com posta elektronikora idatzita.

Maiatzaren 28an Talaiberri txakolindegian izango dugun Zentzumenen zoramena ekitaldiko sarrerak 10 euro balioko du. Ekitaldi berezia izango da, literatura, txakolina eta lurrina uztartuko dituelako. Bertaratu nahi baduzu, aldez aurretik egin beharko da erreserba Sanz Enea Kultur Etxean, Garoa liburu-dendan edo Literaturiaren posta elektronikora idatzita.

Haurrei zuzendutako Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako ikuskizuna izango dugu maiatzaren 31n, Modelo aretoan, Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik. Sarrera gonbidapenarekin izango da, eta aforo mugatua izango du: 30 lagun. Gonbidapenak Sanz Enea Kultur Etxean jaso daitezke.

Trixerta soinean eraman nahi?

Albisteak 2015

CEYZh-cW0AE6a0W.jpg-large

Berria egunkariak ezusteko atsegina eman digu, Literaturiako trixertak aterata. Elastiko esklusiboak dira, Savanna Studioaren diseinuarekin, eta irudiak ezin hobeto jasotzen du aurtengo jaialdiaren ardatza: luma estilografikoa bihurtzen den kopa bat ardo. Trixertak Berria.eus atarian eros daitezke 25 euroan; berrialagunek eta harpidedunek %10eko deskontua dutenez, 22,5 euroan eskuratu dezakete. Lau modelo daude aurkeran, gainera: urdin koloreko elastiko estua, urdin koloreko zabala, gris koloreko estua eta gris koloreko zabala. Aukeratu al duzu zurea?